Gure Herria

Aramaio bailara Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia probintzien erdian dago. Mendi artean babestuta aurkituko dugu, bertako orografia oso malkartsua baita. Iparraldean eta ipar mendebaldean Arangio eta Gantzaga mendiak daude, eta Orixol eta Izpizte dira inguru horietako punturik garaienak. Anboto mendia ere hurbil dago (1.330 metro garai da), parez pare Udalaitz (1.117 m) duelarik. Bi mendi hauen tartean Besaide dago; bertan monumentu batek, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia probintziak elkartzen diren tokia azaltzen du. Ekialdean Murugaineko gailurra dago, 774 metrotan eta hegoaldean, berriz, Jarindo (896 m.) Legutiorako bidean.
Aramaiorekin muga egiten duten herriak hauek dira: Iparraldetik Abadiño eta Atxondo, ekialdean Arrasate eta Aretxabaleta, hegoaldean Eskoriatza, Gatzaga eta Legutio eta mendebaldean Otxandio.
Herria erditik banatuta dago, Arangioko haitzengatik, beraz, urak bi isurialdetara joaten dira:
- Alde batetik, Aramaio ibaia dugu. Ekialdera ematen duten maldetatik datozen ur jarioek elikatzen dute eta Ibarra zeharkatuz, Arrasaterantz jarraitzen du, bere bidean Deba ibaiarekin topo egiteko.
- Mendebaldeko maldek, ordea, urak Oleta auzora eta ondoren Albinako urtegira bidaltzen dituzte.
Bizkaiko Kantauriko klimaren eta Arabako lurraldean nagusi den kontinenteko mediterranear klimaren nahasketa du Aramaiok. Udak ez dira oso beroak izaten eta neguak berriz epelak. Euri ugari egiten du eta, noski, guzti horrek eragina du, lurzoruan eta berorren erabileran.
Gehienbat, soroek osatzen dute Aramaioko lurzorua baina mendialdera mugituz gero, pinudiak dira nagusi. Azken urteetan, insignis pinuak egin du gora gehien, bertako espezieekin konparatuz, produktibitate handiagoa baitu. Hala ere artadi, pagadi eta hariztiak ere ageri dira oraindik. Gaztainondoak ere garrantzi handia izan du Aramaion, urki eta lizarrarekin batera.
Animaliei dagokienez, poliki-poliki berreskuratzen ari dira lehen desagertu ziren espezie batzuk. Horien artean aurkitzen dira orkatza, lepazuria edo katajineta arrunta bezalako animaliak. Denbora batez ikusteko zailagoak izan ziren, baina gaur egun eta Urkiolako Parke Naturalean egiten den lanari esker, gure basoetan asko ugaritu dira.
Historikoki, artzai lekua izan da Aramaio, baina gaur egun, gutxi batzuek besterik ez dute lan horretan jarraitzen. Hala ere, abeltzaintzatik jada oso jende gutxi bizi den arren, oraindik soroetan abereak ikusten dira.
Ibarra bailararen erdian kokatuta dago eta beste 9 elizaterekin batera, herria osatzen dute. Elizate hauek, batzutan auzune ezberdinak hartzen dituzte beren baitan. Auzoak gehien batean baserriz osatuak daude eta orain egiten ari diren etxeek ere, forma tradizionalak mantentzen dituzte. Ibarrean bertan ere baserriak aurki ditzakegun arren, egitura berriko etxeak dira gehienak.
Herria asko handitzen ari da. Lehen gazteek herritik kanpora joateko joera zuten, baina orain herrian bertan gelditzen dira, batez ere etxebizitzak inguruko herrietan baino merkeago daudelako.
Aramaio herri handia dugu hedaduraz, baina txikia izatez. Gauza asko daude ikusteko eta aisialdirako aukera aparta izan daiteke. Bertako ermita, kobazulo, parke, baserri, mendi tontor eta errekastoek, ikuskizun aparta eskaintzen digute, herriko jendea ere oso abegitsua dela ahaztu gabe.