castellano |  Web mapa  
 
 TURISMOA  Hemen zaude:   Sarrera »  Kontrastedun herria »  Auzoak
Eraikuntzak
Mendiak
Auzoak
Zuiako koadrilako ibilbideak
Bisita gidatuak

Auzoak

Aixola

Aixola auzoa historikoki Arexola familiari lotuta dago. Familia hau, herriko aberatsenetakoen artean zegoen eta beraiek sortu zuten auzoa. Ahaide Nagusien arteko gudetan ere aipatzen dira Arexolatarren kontuak.

Beste auzune bat ere badago, elizate honi atxikita, Arriola. Auzo txikia da, baina bertan baserri politak daude eta horietako askok orain berritu dituzte.


Azkoaga

Azkoaga auzoa, Untzilla bezala, haranaren ekialdean dago. Hego-ekialdean, Induspeko Haitzetatik hasi eta Marotoraino, Leintz bailararekin muga egiten du. Beste bi auzune ere baditu, Zabola eta Altza. Zabola gertu dagoen arren, Altza urrunxeago gelditzen da. San Adrian ermitara ere bertatik joan daiteke.


Barajuen

Barajuen auzoa izen bereko muinoan kokatzen da, Azkoagatik kilometro eskas batera. Historikoki oso aberatsa izan da. Torralde izeneko muinoaren gainean zegoen gazteluak auzoa bere menpe zuen. Denbora luzez iraun zuen Jauntxoen zapalkuntzak. Auzoaren erdialdean eliza dago eta elizari atxikita, frontoia. Ikuspegia zoragarria da bertatik, Aramaio ia osoa ikusten baita.


Etxaguen

Hegoaldean, Arangioko Haitzen oinean, Etxaguen auzoa dago. Olaetarekin batera udalerriko auzorik garaiena da. Errepidea jarraituz Ibarratik hiru kilometro eta erdira dago. Ikustekoak dira berriztutako errota eta baserri zaharrak. Hauetako bat, Uribarren goikoa monumentu izateko proposatuta dago. Mendira joateko leku ona da, Urkiolako Parke Naturalaren sarreretako bat baita.


Gantzaga

Izpisteko haitzaren azpian Gantzaga auzoa aurkitzen dugu. Auzoa osatzen duten baserriak mendialdean zehar sakabanaturik daude. Eliza oso berezia da, dorrerik ez baitu eta monumentu izendatua izateko proposatuta dago. Plazan harrian landutako bainuontzi bat dago, iturritik datorren ura bilduz. Diotenez, Antonio Canovas del Castillorentzat egiten ari ziren, baina Santa Agedan hil zutenez, amaitu gabe gelditu zen.

Santa Kruz apaizari ihes egiten lagundu ziotenak Urdungio baserrikoak ziren. Etxea auzoko altuena da eta apaiza ezkutaturik egon zen kobazulotik ordu erdira dago.


Ibarra

Ibarra aranaren erdi-erdian kokatua dago, Azkoaga, Uribarri-Arexola eta Etxaguen-Gantzagako errekaxtoak elkartzen diren gunean. Biztanle gehien duen auzoa izanik, komertzio eta zerbitzu gehienak bertan daude. Gainontzeko auzoekin alderatuz, Ibarra urbanoagoa da eta baserriak ere ageri diren arren, kale giroko etxeak dira nagusi. Ibarrak, beste lau auzune ere baditu, Eguzkierripa, Arraga, Salgo eta Errotabarri.

Eguzkierripa auzoan topa daitezke historikoki garrantzitsuak izan diren baserri asko. Hauen artean aipagarria da Maskaño, diotenez bailarako baserririk zaharrena. 1454. urtean eraiki omen zuten.

Arragan ere baserriak oso banatuta daude. San Pedro ermita zegoen tokia interes arkeologikoko leku bezala izendatu dute eta bertan aurki daitezkeen baserri gehienak izugarriak dira. Sagardotegi bat ere badago eta bertako sagarrekin egiten dute sagardoa.

Salgon aurkituko dugu herriko hilerria. Lehen eliza zegoen bertan, baina berria egin zutenean (Ibarran) zaharra bota egin zuten. Herritik gertu dagoen tontor batean dago, eta lekuaren edertasunagatik, etxe berri asko egin dira inguruetan.

Errotabarri baserri bakan batzuk osatzen dute, eta izenak dioenez, lehen errota bat zegoen bertan. Ibarratik oso gertu dago.


Olaeta

Olaeta aparteko kasua da Aramaioko auzoen artean, haranetik kanpo baitago. Otxandiorekin muga egiten du, eta goilautada batean dago, Anboto eta Arangio mendien magalean. Gainontzeko auzoak baino altuago dago eta bertako eguraldia hotzagoa eta hezeagoa da. Lautada zabalek leku paregabea bihurtzen dute paisaiaz gozatzeko eta ibilaldiak egiteko. Gainera Urkiolako Parke Naturalerako sarrera ere badago.

Olaetan oreinen haztegi bat eta herrian dauden bi enpresa industrialak daude.


Untzilla

Untzilla da Gipuzkoatik gertuen dagoen auzoa. Bailararen ekialdean dago, eta Lenitz Bailararekin muga egiten du. Murugain eta Asentsio mendien magalean, baserriak bi gunetan banatzen dira. Beste gune horrek, Suña du izena eta diotenez, auzune honetan kokatu ziren herriko lehen asentamenduak.

Baserri izugarriak daude bertan, hauetariko batzuk, lehen dorretxeak izandakoak.


Uribarri

Legutiotik errepidez inguratzen bagara, lehenengo topatzen dugun auzoa Uribarri da. Azkoaga eta Olaeta auzoetan gertatzen den bezala, oso zabala da eta bertako baserriak nahiko sakabanaturik daude. Populazio handiena duen auzunea Gureia da eta bertatik igarotzen zen lehengo bide nagusia. Gero Kurtzetako mendate igarotzen duen bidea egin zuten eta bide zaharra baztertua izan zen.

Beste auzune bat ere badago Uribarrin, Zubieta izenekoa.