UEMA
UEMAren betekizuna euskararen normalizazio prozesuan
Udalerri euskaldunetan euskara izan da eta da etxeetan jaso eta transmititzen den berba; hala ere, arlo formaleko zereginetarako (eskola, administrazioa, zerbitzu sozialak, komunikabideak, lan mundua...) orain dela gutxi arte lekurik egin ez zaionez, sukaldean, intimitatean ere, erdarak sartu eta sartzen ari dira indar handiz. Hau dela eta, mugimendu instituzional honen helburu nagusia, erdarek betetzen dituzten funtzio guztiak euskararako bereganatzea da, hots, gaztelania eta frantsesa ezinbestekoak ez izatea normaltasun osoz bizi ahal izateko.
Hego Euskal Herriko egungo legeriak era eta maila batean edo bestean euskaraz bizitzeko eskubidea aitortzen die herritar euskaldunei; administrazioari, berriz, eskubide hau gauzatu dadin neurriak har ditzala exijitzen dio. UEMAren zeregina da, beraz, aitorpen hori gauzatu dadin beharrezko neurri guztiak hartzea eta giza harremanak herriko sektore guztietan etxean, kalean, administrazioan, komertzioan, ekonomi arloan, zerbitzuetan, lagunartean... normaltasun osoz euskaraz burutu ahal izateko bideak zabaltzea; bai eta asmo horrekin bat egiten duten udalerri guztiak koordinatu eta plangintza baten inguruan egituratzea ere.
Helburu orokorrak:
1) Udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua euskaraz izan dadin bideak urratzea.
2) Udalerri euskaldun guztiek bat eginik, euskara nagusi izango den lur-gunea osatzea.
3) Udalerri euskaldunen garapen sozio-ekonomikoa eta soziokulturala bultzatzea.
Aramaio Ueman dagoen Arabako herri bakarra da. UEMAren gaineko informazio gehiago, UEMAren webgunean