Oldarki eta Lagun Artea dantza taldeak
Oldarki dantza taldeak 50 urte
Dagoeneko 50 urte igaro dira Oldarki dantza taldea Gasteizen sortu zenetik. Hamalau eta hamabost urte bitarteko gazteek Manolo García de Andoinen ardurapean hasi ziren dantzan eta urte askotan herriz herri ibili ziren hainbat erakustaldi eskainiz.
Taldeko zuzendariak lan asko egin zuen ohitura zaharrak mantentzeko eta Oldarki taldeaz gain, beste talde txiki batzuk sortzeko ahalegin berezia egin zuen. Horietariko bat, Aramaioko Lagun Artea dantza taldea izan zen.

Lagun Artea, Aramaioko dantza taldea
Aramaioko dantza taldea 1956. urtean sortu zen, Ramon Ormaetxeak zuzenduta, garai hartako apaiz batzuk agurtzeko misioetara joan aurretik (Don Andres, Don Jesus,...).
Ospakizunak amaitu ondoren, Taldeak dantzatzen jarraitzeko gogoa zuenez, Gasteizko Oldarki taldearengana jo zuten, dantza desberdinak ikasteko. Hortik aurrera indar handia hartu zuen Aramaioko dantza taldeak.

Batzar Orokorretako ospakizunetan
1961ean Aramaioko Udaletxean ospatu ziren Batzar Orokorretako ospakizunetan partehartze nabarmena izan zuen herriko Lagun Artea dantza taldeak. Gainera, Txiki herriko bigarren dantza taldea ere aurkeztu zen, umeek osatutakoa.

Dantza taldea gaur egun

Lagun Artea dantza taldeak gaur egun ere hainbat gaztetxo biltzen ditu. Hala ere, tendentzia beherakoa da, izan ere azken urte hauetan 10-12 ume besterik ez da animatu taldean dantzatzera.
Ainara Inunciaga da gaur egungo taldearen arduraduna eta hauxe esan digu: "ume gutxik ematen du izena dantza egiten ikasteko, baina azken urte hauetan nagusien talde bat ere osatu dugu eta hori oso pozgarria da, izan ere gure asmoa aspaldiko dantzak eta berriak ikastea da, ondoren auzoetako jaietan eta San Martinetan dantzatzeko".