castellano |  Web map  
 
 HERRIA  You are here:   Sarrera »  Gure Herria »  Historia
Historia
Ekonomia
Kondairak
Jaiak
Kultur taldeak
Herriko seme-alaba kuttunak
Irudiak
Garraio Zerbitzua
Mapak

Historia

Gure herriko egitura geografikoa kontuan hartuta, uste da Aurrehistorian ez zela gizakirik bertan bizi. Kobazuloak, oso goian zeuden eta ez ziren erabilgarriak garai hartako gizakiarentzat.

Aurrehistoriako lehen aurkikuntza, 1983an egin zuen Pedro Mari Altunak. Herriko saihesbidea egiten ari zirela, "uro" baten adarra agertu zen. Animalia hau, oraingo zezenen oinordekotzat hartzen da, eta Aramaion aurkitu zen adarra datatzea oso zaila den arren, 100.000 urte inguru dituela esan daiteke. Brontze garaiko dolmenak aurkitu dira. Bi zeuden Aramaion, artzaintza lekuetan kokatuak. Bata Anbotosten eta bestea Ollargainen, baina orain espoliatuak daude.

Aramaioko baserri eta auzoak artzain eta nekazariek eraikiak dira. Ibarra auzoa, aranaren erdian kokatuta dago eta olagizonek sortu zutela dakigun arren, ez dugu sortu zirenen garaiko daturik. Zalantzarik gabe, Erdi Aroan, XIII. mende aurretik izango ziren baserri edo basetxe bat baino gehiago, behar bada auzoetan bilduak. Baina ez dugu argibiderik, XIII. mendera arte. Aramaio historian sartu zenean, Barajuengo Kondearen menpe zegoen, bere jaurerri bezala. Haran barruan zeuden lurrak, soro eta mendi, Udalerriarenak ziren, baina ibarretik kanpo gelditzen zirenak, Jauntxoarenak ziren. Artzain eta ikazkinek, zergak ordaindu behar izaten zituzten, mendietako larre, ezkur edo zuhaitzak erabiltzearen truke. Gizaldietan zehar iraun zuten, aramaioarren eta beraien jaunaren artean mendiko zuhaitz, erreka, meategi edo landen jabetzari buruzko tirabirak.

XIV-XV. mendeetan Ibarra auzoa kale sortu zen. Aurretik bazeuden 30 baserri inguru, baina garai hartan, ibaietako ur-olak eta burdindegiak sortu ziren eta noski, gaur arte iraun duten hiru kale ere: Nardeaga, Ibargoia eta Matxinkale. Horrela jarraitzen du XIX. mende arte; burdin lanetan.

Ibarrako sutegiek ikatz asko behar zuten, baita Otxandioko iltze industriak ere. Aramaioko mendietan egur asko zegoen, ez da harritzekoa beraz ikazkin asko egotea eta urteetako ustiapenaren ondorioz, basoak zuhaitzik gabe gelditzea.

Barajuengo Torralden, jauregia zuen Aramaioko jaunak. Erdi aroan, Ahaide Nagusien artean izan ziren borroketan Oņaztarrak buru aurkitzen ditugu XV. mendean eta honek hondamena ekarri zion herriari. Euskal Herriko mendi eta zelaiak euskaldunen odolez zikindu ziren, eta aramaioarrak ere borroka horietan murgilduak izan ziren. Aramaioko gertakizun batzuk aipatu behar izanez gero, hauek izan daitezke nabarmenenak:

  • 1443. urtean Legutioko jaunak, Abendaņoko Peruk, haraneko 20 baserri erre zituen, Mendiolako Joanes-ek ihes eragin aurretik. Gertaera hau aipatzen du antzinako kanta zahar batek ("El cantar de Aramaiona").
  • 1448. urtean, Oņatiko Ganboatarrek Arrasateri sua eman zioten. San Joan bezpera zen eta Aramaioko jauna, Butrongo Gomez Gonzalez barruan zegoen. Ihes egiten saiatu arren, Madalenako errebalean hil zuten.
  • Urte batzuk geroago, bere seme Muxikatar Jon Alonso, Barajuengo jaunak, mutil batzuk bidali zituen aitaren heriotza mendekatzera. Arrasatear batzuk hiltzeko agindua eman zuen, eta Garagartzako bide bazterrean dauden harrizko bi gurutzeek gogorarazten dute ekintza haren ondorioa.

Aramaioren historian, ugariak izan dira borroka eta zapalketak, bertako jauntxoen ondorioz. Herriak hauen gehiegikerien aurka saiakerak egin zituen arren, normalean Jaunak irabazten zuen.

Egoera larri honi ihes egiteko, 1489. urteko urtarrilaren 9an, Arabako Anaiartekoaren kide egin zen, Bizkaiko Foruak galdu gabe. XVII. Mendearen hasieran, konderri egin zuten, baina ordurako Barajuengo Jauna urruti bizi zen. Gaztelua berriz, orain desagertua dagoen arren, 1628. urteko dokumentu batzuetan, zutik zegoela diote.

Guda karlistek ere garrantzia izan zuten gure herriaren historian. aramaioar gehienak, karlisten aldekoak ziren, eta beraz, Karlisten Diputazioa Aramaion ezarri zuten eta Liberalek, berriz, Gasteizen. Egoera honetan, tirabira ugari eman ziren herrian, ezagunenetariko ondoko hau dugularik:

Azken guda Karlistan, hemen izan genuen Santa Kruz apaiza. Garai hartan, udaletxea erabiltzen zen kartzela moduan eta hil behar zuten bezperako gauean, ihes egin zuen leihotik ibaira salto eginda. Gantzaga auzoko baserritar batzuen laguntzari esker, Izpizteko mendian dagoen koba batera iristea lortu zuen, eta han egon zen gorderik, Frantziara ihes egitea lortu zuen arte. Gaur egun ere "Santi Kurtz apaizaren koba" deitzen zaio.

Gudak igaro eta ondorengo urteetan, Aramaiok bere bidea jarraitu zuen, oparotasunaren bila. Baserriek beherantz egin zuten eta gazte jendea, lantegietara joaten hasi zen, lan hobearen bila. Batik bat, Arrasate eta inguruetako herrietara mugitu ziren eta hala gaur egunera iristen gara.

Gaur egungo egoera oso antzekoa da. Biztanleriaren parte handi batek inguruko herrietako lantegietan lan egiten du, Aramaion ez baitago industriarik. Esan beharra dago, azken urteetan abeltzaintzak ere gorakada txiki bat izan duela, batez ere gazteek inbertsio handiak egin dituztelako sektore horretan.

Bizi kalitatea oso ona da eta honek, jende berriaren etorrera ekarri duen arren, Aramaiok herri txiki eta baketsu bat izaten jarraitzen du.