Ekonomia
Historikoki herri nekazaria izan da Aramaio. Abeltzaintza eta artzaintza izan ziren herriaren lehen urteetako suspertzaileak eta ondoren, baserriak eraiki eta auzoak sortu ahala, beste ogibide batzuei bidea ireki zitzaien.
Erdi aroan, nekazaritzatik bizi zirenek abereak hazi eta lurra ereiten zuten. Batez ere, garia, artoa eta garagarra ereiten ziren eta maila baxuagoan, zekalea, oloa eta babak. Linoa ere ereiten zen, gero arropak egiteko.

Gari-ebaketa eszena Aramaion (1900-1920).
Fruitu arbolak ere ugariak ziren garai batean, batez ere sagarrondoak. Sagarrak jateko erabiltzen ziren edo bestela sagardoa egiteko, garai haietan baserri gehienek baitzuten sagardoa egiteko ohitura. Gaztainondoa ugari zegoen inguruetako mendietan, fruitua eta egurra aprobetxatzen baitzitzaizkion. Intxaurrak eta urrak ere biltzen ziren negurako. Udan, ordea, gereziak eta makatzak jaten zituzten. Beraz, zuhaitzetatik fruituaz eta egurraz baliatzen ziren.
Behiak, ardiak, zaldiak, idiak, txerriak, astoak eta untxiak dira dokumentuetan gehien agertzen diren abereak. Orduko aramaioarrek traturako erabiltzen zituzten, baita soroan lana egiteko ere. Oiloek eta oilarrek ere beren lekua zuten baserrian.
Esan beharra dago, baserriko bizitza oso gogorra zela eta kasu batzutan, bizilagunek errentan edukitzen zuten etxea, eta, beraz, ordaindu egin behar izaten zuten. Hori gutxi balitz Elizari eta Jauntxoei ere tributuak ordaindu behar izaten zizkieten eta etxerako gutxi gelditzen zen normalean.
Burdina: haizeolak eta burdinolak
Burdinaren inguruan ere lanpostu asko sortu ziren. Alde batetik haizeolak zeuden. Mendietan kokaturik, haizea erabiltzen zuten burdina lortzeko. Beste alde batik, burdinolak zeuden. Guztiak Jauntxoarenak ziren eta ibarrean zehar banaturik zeuden. Hauetan burdina lortzen zen, meatzea urtuz. Burdin hori, errementariek lantzen zuten, eguneroko lanetan erabiltzen ziren tresnak sortzeko. Horiek askoz garrantzitsuagoak izan ziren herriaren ekonomiarako.

Burdinaren inguruan, beste ogibide batzuk ere sortu ziren. Ikazkinak adibidez, egurra erabiltzen zuten ikatza egiteko. Labeek ikatz asko behar izaten zuten eta horrek Aramaioko zuhaitzetan eragina izan zuen. Erabilera neurrigabearen ondorioz, inguruetako mendiak zuhaitz gabe gelditzen hasi ziren.
Teileriak ere baziren herrian. Arkitekturarako garrantzia handia izan zuten teilek, etxea estaltzeko askoz egokiagoak baitziren, lehen erabiltzen ziren materialak baino.
Harginek eta arotzek ere zeregin handi izaten zuten garai hartan, etxeak konpontzen edo berriak egiten.
Herrian errota ugari zeuden eta normalean auzokoen artean eraikitzen zuten, gero bere erabilera banatuz. Ugaritasun horren arrazoia, herrian ereiten zen gari eta arto kopurua ikusita ulertzen da.
Garapen ekonomikoa: industria
Gauzak horrela, lanbide horiek espezializatzen joan ziren gutxinaka eta industria agertzen hasi zen. Baserriaren gainbehera hasterakoan gainontzeko lanbide askok ere porrot egin zuten, nekazaritzarekin lotuta baitzeuden.
Industria indartu ahala, lantegietara joaten hasi ziren gazteak, batez ere, Arrasate eta inguruetako herrietara. Gaur egun ere horretan dirau. Herrian bertan oso industria gutxi dago eta gehienak nekazal ustiapen txikiak dira. Bi enpresa ere badaude, baina Otxandiotik oso gertu daude eta Aramaioko erdigunetik urrun. Bata "Aulasa" da eta bestea "Talleres Amenabar".
Horrela bada, gaur eguneko egoera laburbilduz, esan daiteke, Aramaion hartu den norabidea abeltzaintzarena dela, herrian lan egiten dutenek bide hori hartu baitute. Bestalde, inguruko herrietako kooperatibek garrantzia handia dute, horiek baitira herriko jende askoren lan irteera bideak.